XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

San Telmoetako egitaraua herriko talde ezberdinen artean osatu da

Igor URANGA

Bederatzi egun falta direnean San Telmotako festak hasteko jai hauetako egitaraua prestaturik dago jadanik.

Egitarau hau bilera eta lan askoren ondorioa da, baina ez Udalaren aldetik bakarrik, baita herriko beste talde kultural, kirolzale eta abarren aldetik ere, borondate handia azaldu dutelarik.

Aipamen berezia merezi du berriz gazteek eginiko lana.

Aurreko urteetan tira bira dexente egon ziren hauek eta udalaren artean, azken hauen ustez, gazteek ez zutelako ezertxo ere lagundu festen antolaketetan, eta hau bereziki joan den urteko San Pedrotako festetan ikusi zen.

Jai hauetan, eta gogoratuko zaretenez, hauek prestatzerako orduan gazteen axolagabekeria zela eta, Udaletxeak neurri gogorrak hartu zituen hauen aurka, festa egitarau eskas eta lotsagarri bat antolatu zutelarik, gazteen ikuspuntutik, ikusita behintzat.

Noski, honek ondorioak ekarri zituen: gazteen artean mobilizazio ugari egin ziren, protestak eta abar.

Gazteen ideia eta proposamenak

Aurten aldiz, eta aurreko urteko gauza berbera gerta ez zedin, argi eta garbi geratu da gazteek interes handia ezarri dutela San Telmotako jai hauek antolatzeko.

Honen adibide, beraien artean egin dituzten hainbat bilera, gero bilera hauetatik irtendako ideiak eta proposamenak Udaletxera eraman eta bertan eztabaidatzeko helburuarekin.

Eta egia esan, harrera ona izan dituzte proposamen horiek gehientsuenak onartuak izan bait dira, hori bai, askotan gazteen gustokoak ez ziren aldaketa edo eranskin batzuk egin dituzte.

Hala ere, orohar, pozik egoteko egitarau bat osatu dela esan dezakegu, bertako ekintza nagusi, berri edota garrantzitsuenak hauxek izan daitezkeelarik: haseran beldur handia baldin bazegoen ere ez jartzeko, azkenean bi gaupasa egongo dira, gazteen gozamenerako; berritasun nagusiena bezala goitibera lasterketa bat izango da (honen berri aurrerago emango dugu); betiko musika taldeetaz gain, rock kontzertu bat ere eskeiniko da; urteroko tanborradak ez dira faltako; kirol ekintza ugari (futbol maratoia, txirrindulari lasterketak,...); bertso saioak, ohizko prozesioak...

Hauek izango lirateke, beste askorekin batera, festa hauen punturik nagusienetakoak.

Jai hauek hurbiltzen doazen heinean ekintza guzien berri emango dizuegu.

Beraz, denon gustorako festak izango direlakoan gaude, edonor ederki pasatzeko modukoak.